2009-10-03

Urruntasunean gertu...

Nere begien aurrean ikusten zintudan. Gertu zeundela ematen zuen. Gertu sentitzen zintudan. Ezinezko laztanak gorde nituen karteran, zure argazkiaren ondoan. Ezinezko muxuak poltsikoetan.
Gerturatu nahi nuenean gure arteko urruntasunaz jabetzen nintzen.
Gertu sentitzen zintudan arren, urrun zeunden.
Urrun sentitzen zintudan arren, gertu zeunden.
Urruntasunean gertu.

2009-07-28

Eta ez da ezer gertatzen...

Maluma eta bere familiari eskeinia


Pasatu zazu hontziz betetako erretilua.
Edan ditzagun ohiturazko hiru teak:
Lehena, bizitza bezain garratza.
Bigarrena, amodioa bezain goxoa.
Hirugarrena, heriotza bezain leuna.

Salam Alekum, denborarik gabeko lurra
Malekum Salam, hainbat urtetako itxaropena
Salam Alekum, ehundaka gradu eguzkipean
Malekum Salam, area eta Hayma artean

Algeriako basamortuan, Hammadan
umeak eskolarako bidean
emakumeak, herria aurrera ateratzeko lanean
gizonak borrokarako prest frontean

Etorkizun duinago baten alde,
beraien jaioterrira itzuli arte,
eskubideak errespetatu arte,
askatasunaren alde,
Borrokarako Prest!!!

2009-06-02

Gorria...

Gorria, kolore beroa.
Iraultzaren lehen lerroa.
Eraiki dezagun gure geroa.
Ateak zabaldu ta itxi ahoa.
Has dezagun dantza eroa.
Eskua sartzen zu lehenengoa.
Gorria dago semaforoa...

...eta semaforo gorriak gustatzen zaizkigu...

2009-05-26

Gure mundua...

Ezberdinegiak garela sentitzen dut askotan.
Askotan entzun dut zure ahotik ere esaldi hori.
Ezin gara hain ezberdinak izan.
Ez gara mundu ezberdinetakoak.
Elkarrekin eraikitzen ari garen mundu horretakoak gara...
Krisiak adreiluaren negozioa kolpatu duen arren,
gure eraikuntza enpresak irabaziak ematen ditu oraindik.

2009-05-07

Zaharregia, txikiegia agian...

Lehen aldiz ikusi zintudan negar egiten gau horretan. Zure negarra entzutean, begiak zabaldu eta argia piztu nuen, arduratuta. Ume txiki baten moduan, babesgabe sentitu zintudan. Nire besoartean egin zenuen negar, zure aita izango banintz bezala. Nagusi sentitu nintzen, nire besoetan babesten zintudala.
Pertsona nagusiek beste era batetan sentituko dute dana. Ez gu baino gehiago dakitelako, gauza ezberdinak bizi izan dituztelako baizik, gauza ezberdinak sentitu izan dituztelako baizik.
Jarrai dezagun beraz sentitzen; jarrai dezagun nagusi egiten.

2009-02-25

Arezko gazteluak...

-Arezko gazteluak gara- esan zidan.
-Zergatik diozu hori Abuelo?
-Bizitza osoan harrizkoak garela pentsatzen dugun arren, azkenean beitu, ez gara ezer.
Hilabete eta erdi darama Abuelok ospitaleko ohe batetan, argal, indargabe eta gaixo. Hilzorian.
Eskerrak Abuelo, zu, arezkoa zarela. Hauskorra bai, baina...
Arezkoa izanda, aireak zure zati bat eroango du madrilera. Urak, ibaietan zehar, zure beste zati bat garraiatuko du itsasora, Bizkaiko kostaldera. Zati bat Leonen geratuko da, mahatsen sustraiak elikatu ondoren, ardo bihurtua. Azken zati bat, herrian gordeko dugu, Abuelaren ondoan.
Horrela, maite zaitugunok, beti urbil sentituko zaitugu, ondoan. Zure area, gure gazteluen oinarri izango da. gure gazteluen sustrai. Horrela, denok, zure zatitxo bat izango gara.

2009-01-19

Denbora...

Zein azkar ta zein astiro igarotzen den denbora kasu batzuetan. Zein gorrotagarriak bihur daitezken erlojuaren orratzak eta mekanismoaren tiktak soinua. Tik, tak, tik, tak. Buelta bat, beste bat eta beste bat... Segunduen orratzaren ibilbide infinitoa.
Erlojuaren menpe bizi gara. Goiz ala berandu heltzeaz arduratuta. Gure erlojuan soilik sinisten dugu, gure lagunik onena izango balitz bezala.

Eskerrak zure erlojuaren orratzak gelditu egiten diren erlkarrekin gauden bakoitzean...
Eskerrak ez duzula konpontzera eroaten...