2008-10-30

Galduta...


Zein arraroak diren trantzizio garaiak. Aldaketak ondo datorzkit, baina aldaketa fase bakoitzean energi pilo bat galtzen dut. Zertan? oraindik ez dakit...
Ez da erreza bakoitzak bere lekua aurkitzea. Askotan, aurkitzen duzunean, badakizu hori behin behineko zure lekua izango dela, baina hala ere aurrera egiten duzu, eta zure lekua (leku definitiboa) izango balitz bezala hartzen duzu. Nire lekua bilatzeko ibilbide hontan, askotan galdetu izan diot nire buruari ea "nire leku" hori benetan existituko ote den. Ez badut nire burua aurkitzen, nola aurkituko dut ba, nire burua behin betikoz kokatzeko lekua? eta oraindik garrantzitsuagoa dena, kokatu nahi al dut??? Ez dakit...
Nire burua ere ezagutzen ez dudala uste dut. Gauzak entzuten ditut nire inguruan. Niri buruz ari dira? Bost axola! (edo ez?) Inporta al zait besteek nitaz pentsatzen dutena? Ia denok erantzuten diogu ezetz galdera oni, baina gezurretan gabiltza...geure buruari ere gezur esaten diogulako sarritan. Baina ezagutzen ez dugunez, ez da ezaguna, beraz ez da laguna, beraz berdin du berari gezur esateak...
Eta zutaz hitzegiten dutenak, zu ezertaz (bistaz eta entzundakoaz baino) ezagutu gabe...
Aurreiritziak ez dira sanoak...ausnartu.

Orain ohera noa. Egun arraroa izan da. Oso ondo hasi den arren, oso gaizki bukatu da.
Nire memoria txarrari esker bihar pozik esnatuko naiz, gaurko eguna existitu izan ez balitz bezala. Memoria txarraren abantailak...

2008-10-16

...ni, biluzten.

Arropa eskegitzeko tresna bat asmatu dut.
Liburu txuri bat da.
Bere aurrean biluzten naiz gauero eta berak nire arropak jantzi egiten ditu.
Orriak pasa ahala, nire arropak eskegiko dizkiot.
Bera belzten joango da, janzten.
...ni, biluzten.

2008-10-08

...kuaderno txuriko orriak lez.

Kolakau bat, kafe hutsa izotzakin, banku deseroso bat eta mahai haundia. 01 mahaia. 04 zerbitzaria. 3,30 euro. Hori jartzen zuen kontuaren tiketean.
Bulebarreko irlandar kutxuko taberna hartan ez zuten musika zeltarik jartzen. Ez zegoen folk arrastorik. Ia ez zen nire gorputza kabitzen mahaia eta bankuaren artean geratzen zen tartetxo horretan. Zuretzat ordea nahikoa zen. Oraingo honetan aurrez aurre eseri beharrean elkarren ondoan eseri ginen.
Gure aurrean beste bi pertsona zeuden, hauek elkarren aurrean. Arratsaldero arabiera irakasten zion mutil beltzaranak beraz maiteminduta zirudien neska horri. Begietara sakon begiratu eta bere hitzak errepikatzen zituen. Inor gehiagok ez zuen ulertzen elkarri esaten ziotena. Neskak esaldi guztiak eta beraien esanaiak apuntatzen zituen kuaderno batetan.
Kuaderno txuri bat zen. Orri txuriak dituen hoietakoak...

Mahai bat haratago argentinar ahozkera zuen neska bat hitzegiten zuen beste bi lagunekin. Laister Argentinara bueltatu beharko zen, eta buelta aprobetzatuz, bertatik bidaitxo bat egingo zuela azaltzen zien bere kideei. Kuadernotxo batetan apuntauta zeuzkan egingo zuen bidairen nondik norakoak, Ernest Hemingwayk erabiltzen zuen orri txuridun kuaderno horren antzeko batetan.

Kafeak ordaindu zenituen eta mahaira bueltatzerakoan besarkada batez eta muxu goxo batez altxatu ninduzun mahaitik, eta mutu geratu nintzen...kuaderno txuriko orriak lez.

2008-10-06

Ez du saiatu ere egin nahi...

Ile luze beltza, begi ilun sakonak, gorputz txikikoa, baina nortasun haundikoa...

Zuriñek txikitatik beti nahi izan du etxean animaliren bat izatea.
Txikiagoa zenean, amak arrain laranja horietako bat erosi zion. Poltsa garden batetan saltzen dizuten horietako bat. Berak egunean birritan jatekoa ematen zion eta astean behin, arrainontzia garbitzen zion. Zoriontsu bizi zen arraina Zuriñerekin. Gosea asetuta eta etxea garbi...
Behin etxera heldu eta arrainontzira gerturatu zenean arraina barruan ez zegoela konturatu zen. Lurrera begiratu eta bertan ikusi zuen bere karpatxo kuttuna. Hilik zegoen.
Zuriñek negar egin zuen hurrengo egunetan. Arraina zoriontsua izan ez ote zen galdetzen zion bere buruari. Zergatik alde egin nahi zuen bestela ontzitik? Zergatik bere buruaz beste egin?

Orain katukume bat erosi nahi diote Zuriñeri bere gurasoek. 18 urte betetzen ditu eta hori izan behar zuen bere oparia.
Zuriñek ordea ez du gainditu bere arraintxoarena. Ez du bere burua nagusi ikusten animali bat zaintzeko. Beldur dio konpromezu berri horri. Ez du katurik nahi. Ez du saiatu ere egin nahi...